Amona Xixili 100 urterekin joan zitzaigun. Urteak dira. Nire gurasoekin bizi zen, bere jenioarekin baina maitagarria beti. Ondo moldatzen zen: bakarrik jantzi eta garbitu; gosaria prestatzen zuen; irakurtzea gustatzen zitzaion (bista gutxikoa, baina ondo aprobetxatutakoa, alajaina!); ohea egiten zuen; bere semea (gure aita) zein ordutan erretiratzen zen zelatatu eta, berandu bazen, errieta egiten zion...
Ni bisitan joaten nintzen eta "protokolo" moduko bat genuen. Bere ondoan eserita eskua ematen nion (ze keinu sinple eta goxoa aldi berean!). Eskuekin gogoratzen naiz, bere zainak agerian, lan asko egindakoak baina leunak. "Nivea" edo "Atrix manos"en usainaz oroitzen naiz. Herriko azken berriaz galdetzen zidan. Nik ahoa ireki orduko, bera zen berri guztiak ematen zizkidana, nik ezagutzen ez nituenak, gehienak. Oraindik ere misterio bat da niretzat nola demontre informatzen zen: baserri honetakoa kalera joan dela bizitzera, bestea ezkondu egin dela, ez dakit zein gazte "hezur berriak egiten" ari zela (ez esan ez dela haurdun zegoela esateko modu polita!), hildakoak eta jaio berriak noski...
Errepaso zehatza egin ondoren, nire txanda heltzen zen: non ibilia nengoen, txukun portatu al nintzen, bikotearekin zer moduz, lana, juergak... Ez dakit konfesatzea zer den, baina amonak egiten zidanaren antzekoa delakoan nago!
Bere bizitzako azken sei hilabeteak egoitza batean pasa zituen. Itzaltzen ari zen. Bizitzaren bukaera. Bisita egiten jarraitzen nuen. Gero eta zailagoa zen "protokoloa" mantentzea (bere memoria, hitz egiteko gaitasuna... murrizten ari ziren). Baina bere ondoan eseri eta eskua ematen nion (emakume langile zoragarri haien artean, baten batek Nivea edo antzekoa eman zion bere azken egunera arte).
Oraindik gogoratzen naiz azkeneko arratsaldeaz. Bisitan joan nintzen. Ez zuen hitz egin. Nik bai, ordea. Eskutik helduta herriko azken berriak eta nire "abentura eroak" kontatu nizkion. Ez zidan erantzun, noski. Etxera joan eta handik bi ordutara deitu zidaten hil egin zela esateko.
"Zergatik kontatzen dudan hau guztia?" galdetuko duzue zuek. Bada, Koronabirusaren krisiarekin bizitzen ari garen egoera zail honetan, gauza asko ikusten ari garelako, zer pentsa ematen dutenak, eta horien artean zahar egoitzetan gertatzen direnak nire barruak astindu dituztelako.
Kontziente naiz egoera ezberdin asko daudela. Pertsona eta familia bakoitzak bere historiak, istorioak eta gorabeherak dituztela. Badakit ere gure zaharren papera jendartean asko aldatu dela azkeneko urte/hamarkadetan. Jakitun naiz, bizi dugun pandemian, transmisioa saihesteko, isolamenduak eta segurtasun-neurriek duten garrantziaz. Jakingo ez dut ba? Behar-beharrezkoak dira, eta ez ditut nik zalantzan jarriko hartutako neurri guztiak.
Horiek dakizkidan bezala, jakin badakit aiton-amona askorentzat onuragarria dela bere gertukoekin egotea. Eskua hartzeko besterik ez bada ere.
Ezagutzen ditut egoitza hauetako langile asko. Goraipatzea besterik ez zait okurritzen (nire amonari zeinek ematen zion Nivea?). Lan-baldintza zailetan lan eginda ere, beren onena ematen duten emakumeak. Ez dut zalantzan jarriko euren ahalegina gure zaharrak ahal den ondoen bizi daitezen.
Baina benetan uste dut ahalbidetu behar ditugula senitartekoen bisitak. Segurtasun neurri guztiekin, bai. Mugatuak, banaka, ados. Tartekatuak, murriztuak, bale. Egoitzetako lan erritmoak kaltetu gabe, noski. Baina zor diegu gure adinekoei, eta zor diegu maite dituzten seme-alabei edo senitartekoei. Isolamendu neurriak beharrezkoak dira. Gure aitona-amonei eskua ematea, ere bai.
J.K.I. médico
No hay comentarios:
Publicar un comentario